lunes, 30 de enero de 2012

Isilik, ihes zihoan arratsaldean ontzia



(Negua Venezian, 1998)
Isilik, ihes zihoan arratsaldean ontzia
ezpondetatik haruntzagoko itsasoruntz
ahazturak gizakumeen ametsei
destainu dagien erresuma urrunera,
oihalbela doi haizatuek
adio zegioten mila jauregidun hiriari
harlanduetan usteltzear zelarik
barnerreka harresituen hezetasuna,
Ospedaletik igaro ginen
eta gogoan izan genuen
maisu ilegorriaren adagiorik lanbrotsuena,
zer nolako melankolia geldia, esan zenuen
leihora irtetzen ginelarik
egunsentiak gaua errenditzen duen
ordurik nekatuenean,
han, lanbro hesiari zegozkion ikusametsetan
nabaritu genuen bihotzean noraezaren zama astuna
desolazio hura, oh, desolazio hura,
orduan, barnegela babestuetara itzuliz
apal berrabestu genuen
izpirituak kontsolamenduz zekarkigun eresia,
hemen gaude, esan genion elkarri,
bizidun umezurtz, baina hemen gaude oraindik
ez da erabat kunplitu gure ordua,
eta kontzertuaren pasarteak oroitu zenituen
harmoniaren sabairik gorenari euts ziezaioten
bakean bakez bakeratu nahirik
arimak iluntasunean sarri itsulagun dituen
egunsentia, edertasuna eta hiria,
bitartean, isilik ihes zihoazen gogoetak
ontziak, desirak, neguko ibiltari misteriotsuak
hegi lokartuetatik haruntzagoko kostalderuntz.

Xabier Lete, Egunsentiaren esku izoztuak



No hay comentarios:

Publicar un comentario