lunes, 11 de octubre de 2010

Hiru pausu








"Pasadizo hark zer pentsa eman zidan, eta, apurka, ulertuz joan nintzen Crisantosek errealitateari aurre egiteko zeukan era. Hiru pausutan erabakitzen zela iruditu zitzaidan. Aurrena, gezur bat asmatzen zuela; gero, gezur haiek sinestu eta egia bihurtzen zituela; azkenez, egia hauiei balio unibertsala ematen ziela -niretzat txuri, guztientzat txuri-. Haurren berdina honetan, uste zuen begiak itxi eta ezer ikusi gabe geldituz gero, hori nahikoa zela munduak bere edukia gal zeza; ikusi nahi ez zuen hura erabat desager zedin. Desiratzeak batere balio duen garaietan biziko bagina, noski.
Crisantosen hiru pauso horiek pietatea har erazten zidaten batzuetan. Eta bere etxea konpondu zuen aldian gehiena.
Bere etxeak ez zeukan, kaleko aldetik, leiho estu eta kaxkar bat baino, eta berak ezin zuen sufritu pobrezia seinale hori, iruditzen zitzaion lotsagarri usten zuela herri guztiaren aurrean. Goiz batez, kaleratu eta hiru leiho antzeman nizkion fatxadan: betiko kaxkar eta estua, eta bi berri. Baina berriak ez ziren marrazkiak baino, bata urdinean, bestea gorri bizian.
´Noiz aritu zara horiek pintatzen, gauez?´ esan nion elkartu ginenean. Berak ez aditu egin zidan, eta haur bati Erregeen ilusioa kendu izan banio bezela sentiarazi ninduen. Handik aurrera, niri zegokidanez behintzat, bere etxeak hiru leiho izan zituen. (...)
Apurka, ulertuz bezala, berataz neukan iritzia onduz joan zen, eta gure tratabidea zinezkoa izan zen, ez beste gezur bat gehiago. Bere joera ez zela hain aparta iruditu zitzaidan. Guztiok egokitzen garela, noizbait, egia mingarri bat uxatzeko premian, eta orduan edozertara jotzen dugula; gezurretara bereziki. Eta barreneko mintzo batek geure burua engainatzen ez ibiltzeko eskatzen digunean, ez dela, haren alboam, beste mintzo bat falta izaten, esanez: egia ez dago oroz gain, sufrimenduaren arintzeak gehiago balio du."

Bernardo Atxaga, Obabakoak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario