martes, 16 de marzo de 2010

Gau ilunekoak


 
"HAU, kontatuko dudan guzi hau, lurralde ilun eta zuentzat ezezagunean gertatu zen, beste planeta batean.
Han ez da eguzkirik inguruan, ez da gauaren ondoan egunik. Gaupea da beti, gau ilun eta betikoa, eta zoru ospeletik behelaino kirastuak altxatu eta hedatzen dira airean zehar alde batetik bestera, haize gogorrak ekarri, eraman eta goi-behe nahasten dituela.
Ni umea nintzela, inork ere ez zuen ezagutzen zerk zer kolore zuen. Iluntasun umel hartan bizi ginen, ezer ikusi ezinik, astiro, beldurrez itsuka eta haztamuka. Eta batak bestea apur bat maite genuen, elkarrekin bizi ginelako, baina apur bat bakarrik, bizimodua iluna eta zurruna zelako denontzat. Jaio, bizi eta hil egiten ginen, ia ezer ikusi gabe, bakoitza bere iluntasunarekin, eta denon iluntasunarekin, iluntasun hori baizik ez baikeneukan elkarrekin.

BATZUETAN, baina luzaroan behin bakarrik, moteldu egiten zen haizea, apaldu egiten ziren behelainoak, eta zeruan, gaineko zulo zabalean, izarrak ikusten ziren, txiki-txikiak, urrun-urrunak han goian.
-Begira izarrak! -abisatzen zuen ume bozen batek.
Hodeiak eta lainoak alboratzen zirenean, izarrak ikusten ziren eta gora begira paratzen ginen. Gain haiek izarrez beterik zeuden.
Kalera ateratzen ginen, ordura arte soto itxietan eta lurpeko gordelekuetan egondakoak, batak besteari izarrak erakusteko.
Zenbat izar eder goi zabal haietan!
Umeek hobeto ikusten zituzten izarrak, begiak garbiago zituztelako. Gurasoek eta aiton-amonek begiak lausoturik zituzten edo guztiz itsuturik. Hala ere, haiek azaltzen zieten umeei izarren garrantzia:
- Hantxe izarretan da argia -esaten zuten boz zaharrek.
Eta umeak harritu egiten ginen entzutean argia izeneko materia hark ekarriko zuela zoriona gure planetara, izarrek ekarriko zutela egunen batean argia eta poza gure lurrera.
Ongi sentitzen ginen, eta gure begiradak ez zuen mugarik.
- Eta zenbat dira ba gure gaineko izarrak? -galdetzen genuen umeek.
Zoli-zoli dirdiratzen ziren eta jakin-minez egoten ginen, harriturik gure lur bel-beltzean, hodeien arteko zulotik, izar urrunei begira,
- Esan ahal baino gehiago!

IKUSPEN ikaragarri ederra ziren, izarrak, begientzat. Jendearen begien diz-diz arraroa ere ikusten zen geure iluntasunean.
Herriko agintariek mintzaldi aproposak prestatzen zituzten izarak agerian geratzen ziren momenturako, eta izarren himnoa kantarazten ziguten gero, esperantzaren alde.
Apezek otoitz egiten zuten izarren alde, eta sorginak eta aztiak ere baziren okultismo erritu arraroak egiten izar urrun dardartiak erakartzeko.
Eta jakintsuek, izarren tamaina eta itzuliei buruzko adituek, izarren hurbilera neurtu eta kalkulatzen zuten, beren zientzia ilunez.
- Noiz helduko da argia?- galdetzen zuen jendeak.
- Hamaika mila eta hogeita hiru gizaldi barru hurbilduko dira izarrak -erantzuten zuen boz jakitunak zalantza arrastorik gabe- eta orduan hasiko da Argien Sasoia.
- Buufff! -kexatzen ginen gu.
Gizaldia pertsonaren bizitzaren gutxi beherako luzera delarik, nork ikusiko zuen ba argia...
- Orain bi mila gizaldi, begirik ere ez zen ikusten, zohardi izan arren -argudiatu zuen boz jakitunak-, eta orain, jadanik bai.
Eta egia zen, begiak dirdiratzen ziren ilunetan, irribarreak ere erdikusten ziren izarren dirdirpean, eta jakintsuen bizar zuriak, eta zaharren hasperenak, eta gauzen tankera ere susmatzen hasten ginen...

ATSEGIN arraroa sentitzen genuen, izarpean, ongizate fisikoa itxaropen mugagabearekin nahasten zitzaigula. Arraroa zen, ukitu ere ezin genuen zerbaitek ematen zigun arraitasuna.
Baina, halako gaugiro ederrak bakanak izaten ziren, bi edo hiru aldiz gertatzen ziren bakarrik gizaldi bakoitzean. Eta bakana izateaz gainera, izarpeko ikuspena laburra izaten zen.
Izarrak laster estaltzen ziren eta iluntasunak hartzen gintuen berriro bere menpean, gau beltzak harrapaturik bizitzeko eta hiltzeko jaioak ginelako.
Hamaika mila eta hogeita hiru gizaldi, esaten zen. Eta, kalkulua konprenitzeko ere gauza ez ginen arren, ondo genekien gure gau amaigabea oraindik luzea izango zela."


Joseba Sarrionaindia, Gau ilunekoak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario