domingo, 21 de marzo de 2010

Bilbao-New York-Bilbao



"ARRAINEK eta zuhaitzek elkarren antza dute.
Antza dute uztaiengatik. Zuhaitzek enborrean dituzte. Enborrari zehar ebakia egin eta hantxe ageriko dira uztaiak. Uztai bakoitzeko urtebete, horrelaxe jakiten da zuhaitzaren adina zein den. Arrainek ere uztaiak dituzte, baina ezkatetan. Eta zuhaitzekin bezalaxe, uztai horiengatik dakigu zein den animaliaren adina.
Arrainak beti ari dira handitzen. Gu ez, gu txikituz goaz behin heldutasunera iritsita. Gure hazkundea gelditu egiten da eta hezurrak elkartzen hasten dira. Uzkurtu egiten da pertsona. Arrainak, ordea, hil arte hazten dira. Gazte direnean azkarrago, urteetan aurrera egin ahala mantsoago, baina haziz doaz beti arrainak. Eta horrexegatik dituzte uztaiak ezkatetan.
Arrainen uztaia neguak sortzen du. Arrainak gutxien jaten duen aldia da negua, eta gose garai horrrek arrasto ilun bat marrazten du ezkatan. Gutxiago hazten delako negu sasoian. Udan ez baina. Goserik ez dagoenean ez da arrastorik geratzen ezkatan.
Uztai mikroskopikoa da arrainena, ez da itxura batean ikusten, baina hortxe dago. Zauri bat izango balitz bezala. Ondo itxi gabeko zauri bat.
Eta uztaiak arrainetan legez, gertaera latzak geratu egiten dira gure memorian, gure bizitza markatu egiten dute, gure denboraren neurri bihurtu arte. Egun zoriontsuak, aldiz, azkar doaz, azkarregi, eta bereahalaxe ahazten zaizkigu.
Arrainetan negua dena, gizakietan galera da. Galerak zehazten du gure garaia, harreman baten bukaerak, maite dugun pertsona baten heriotzak.
Galera bakoitza, uztai ilun bat sakonean."

"Lemazainaren eta makinariaren arteko harremana estua izaten da ontzian. Hala behar du izan. Garai batean arotzak izaten ziren ontzietan. Hori, belaontziak zeuden sasoian. Arotzak behar-beharrezkoak ziren tostartean. Matxurarik bazen, masta bihurtzen bazen, arotzik egon ezean barkuarenak egin zuen. Horrexegatik egoten ziren hiru-lau arotz belaontzietan. Eta lehia egoten zen beti lemazainaren  eta arotzen buruaren artean. Lemazainak bizkorrago nahi izaten zuen joan, probatu egiten zuen masten erresistentzia. Arotzak, ordea, astiroago nahi izaten zuen joan, zaindu egin nahi izaten zuen barkua, osorik iristeko portura. Sarritan pentsatu dut lehia bera daukagula denok geure barruan. Badugula lemazain bat arriskatu nahi duena eta arotza, nahiago duena gorde, seguru jokatu.
Makinariek hartu zuten gero arotzen tokia. Eta berdin-berdin jarraitu du lehiak, gaur arte. Makinariak makina zaindu nahi du, ez dadila gehiegi berotu. Lemazainak denak emanda nabigatu nahi du, makina guztian."


Kirmen Uribe, Bilbao-New York-Bilbao.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario