miércoles, 3 de junio de 2009

Matxinsaltoa eta tximeleta



Matxinsaltoa pozik zebilen, pozik bizi zen. Bere ingurunea ezagutu eta onartzen zuen. Sasoi luzean bila ibilitako lasaitasun betean bizi zen.

Behin salto batean tximeleta batekin gurutzatu zen airean. Segundu bi baino ez zuten iraun batak bestearen ondoan. Gero mantxinsaltoaren saltoa amaitu egin zen, bere mundu ezagun eta sostengatuarekin batera. Sekula ere berdina izango ez zen lur batera jausi zen.
Orain mantxinsaltoak ez du gustuko bere ingurumena, eta ez du ulertzen nola baten bati gusta dakiokeen mundu lurtiar marroi hau, beste batzuk, kolore betean, hegan egiten dabiltzan artean, mundu berriak eta berriak ezagutzen.

Lehengo matxinsalto alai eta biziz betea itzalita dabil orain, behin tximeleta bat ezagutu zuelako. Jadanik negar ere ez du egiten. Izkina batean dago, harri batean jesarrita, aurpegi ilunez, sufritzen, isilean sufritzen.

"Tximeletak, batzuetan, kabroi hutsak dira" pentsatzen du zizareak matxinsaltoa hain baju ikusita.

Ez dakitena da, hiru zuhaitz harago, tximeleta adar batean pausaturik dagoela aspaldi, bizitzak behin, norarik gabeko etengabeko hegaldia izan beharrean, oinarri bat izan zezakeela erakutsi zion mantxinsaltoaz gogoratzen.

Denbora badoa, bientzat.

Pako Aristi.

1 comentario:

  1. Ez da Pako Aristirena, Peru Magdalenarena da ipuintxo hau, Lile liburukoa. Ederra da benetan!

    ResponderEliminar