Azken egunetan idazten ari den poemaren inguruko gogoetak buruan bueltaka dituela, bere autoa aparkatzen hasi eta, despiste betean, auto dotore eta distiratsua jo du, ezustean, poetak.
Kolpea hartu duen autoaren jabea asaldatu eta madarikazioka hasi zaio poetari, eta larritu egin da gero, ikusirik arrasto bat utzi duela poetaren autoak berearen txasisean, poetari arrasto hori ia ikusezina iruditu arren, aintzat hartua izateko ere txikiegia.
Istripuaren inguruko paper kontuak konpondu ondoren, apunte txiki hau idatzi du poetak ohar-koadernoan, azken egunetan idazten ari den poemaren inguruko gogoetetara itzuli aurretik:
"Miresgarritzat dugu zalantza eta gogoeta luze eta nekagarrien ondoren bere poemako koma bat lekuz aldatzea erabakitzen duen poetaren obsesioa.
"Ezusteko kolpe batek txasisean utzitako arrasto ia ikusezinak loa galarazten dion auto jabearen obsesioa, aldiz, lotsaemangarritzat jotzen dugu.
"Zergatik egiten dugu bereizketa moral hori? Ez al dira biak, bata bezain zilegi bestea eta bestea bezain hutsal bata, guapo sentitzeko moduak?
"Benetan al da poesia –orain, hemen eta niretzat behintzat– beste ezer?"

0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada